XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Horrela bada, gaur eguneko euskal gizarteak zenbateraino egiten du bere ideologia hori eta defenditzen?.

Ez digu, beraz, ezertxok ere pentsarazten euskal biztanleriak, nola euskaldunak hala erdaldunak, apenas % 10era iristen den guttiengo eskas hori salbuetsiz gero, euskara hizkuntza basati, azpidesarroilatu edo hitz, sentimendu edo ideien elkartrukerako hornitu gabea bezala ikusten duela esateko.

Euskara laborategirako gordetako hizkuntza, museotarako egokiagoa den edo kultur hastapenetako kontzeptuak trukatzeko tresna bezala jartzen duen definiziorik ez da ematen euskal biztanleen artean.

Badago, aldiz, hizkuntza funtzional bat bezala eta funtzionamenduan, herriko sektore sendo batzuek babestua eta giza mintzura guztia hasi etxetik eta akademiaraino, eskolatik unibertsitateraino, talderik soilenetik erakunde publikoetaraino artikulatzeko gauza dela dioen definizio bat.

1.3. Euskara: Euskal Herriaren identitate-sinbolo

Ez da falta, alderantziz, euskaldunen artean, euskararen definizio funtzionalistaren aurrean, hizkuntza honen halako definizio mitifikatzaile baten hautapena egiten duenik.

Horien eritziz, bere superbizipen historikoarengatik bakarrik, euskara gauza mitikoen eta gizonez gaindikoen munduan sartuko litzateke.

Pertsona hauentzako hizkuntza bat zenbat eta zaharragoa izan, hainbat baliosoagoa da, eta horretxegatik euskararen ia mirakuiluzko superbizipen historikoak, linguistikaz kanpoko kondizio bat ematen dio berari, eta hizkuntza horren jabe eta erabiltzaile direnei, berriz, lehen mailako hiritarren kategoria, ezagutzen ez dutenen aldean, euskararen hizkuntz kalitate hobe bat adierazten duelako edo.

Eragile nagusia ez bada ere, balentria extralinguistikoaren ospe honek asko lagundu du Euskal Herria herri diferentziatu bezala desagertuko litzatekeenaren usteak indar hartu izatean, baldin egun batez bere hizkuntza, euskara, gal baleza; hau da, herriaren eta hizkuntzaren baterako superbizipen historikoaren experientzia lehenalditik etorkizunera aldatzen da, eta experientzia historikoa postulatu funtzional bilakatzen: (...).